Thursday, January 13, 2011

XAPORRA ETA LABI
KARTZELAN SARTU DITUZTE 

2010eko udan Labik eta Xaporrak urtebeteko kartzela zigorra eta lan publikoetarako sei urtetako inhabilitazioa jaso zuten terrorismo-goratze delitu batengatik, salaketa anonimo batean soilik oinarrituta.


Apirilaren 27an Espainiako Entzutegi Nazionalean aurkezteko agindua jaso zuten jarraian kartzelan sartzeko. Bi gazteak, ordea, ez dira Entzutegi Nazionalean aurkeztu; Zarauzko Santa Barbarako paretean zintzilikatu dira salaketa moduan. Beraien ekimenaren arrazoiak idatzi baten eta bideo baten bidez adierazi dituzte. Hona hemen bai bideoa eta baita idatzia bera ere:


"Apirilaren 27an, Labi eta Zaporra Audientzia Nazionalera deituak izan gara kartzelaratzeko aginduarekin. 

Auzitegi Nazionalean euskal herritarrok ez dugu defentsarako tarterik. Ondorio honetara iristeko ez dago epaitegi honetatik pasa diren euskaldunek bizi izan dutena ikusi besterik. “Terrorismo” delituaren barruan kokatzen bazaituzte zureak egin du. Politika egiteagatik, herri ekimen batean lana egiteagatik, zure senide edo lagunaren argazki bat eramateagatik, kartel edo pankartaren bat jartzeagatik, manifestazio batera joateagatik edota besterik gabe zure iritzia publiko egiteagatik sar zaitzakete oso zabala bihurtu duten delitu honen sarean.
Guztiak balio du egoera horretan epaitua izango den pertsonaren aurka. Hau eguneroko ogia da epaitegi arrotz honetan eta ehunka dira “justizia” basati honen atzaparkada bortitza pairatu dutenak.

Gu ere zerrenda amaigabe honetan izan gara sartuak. Gure delitua legala zen manifestazio batean parte hartzea izan zen. Anonimo batek ordea, begiz jota gintuen eta erabat faltsua den istorio bat asmatu zuen gu kartzelara sartzeko helburuarekin. Hortik aurrera hilabeteak joan ahala ondorio bakarrera iritsi gaitezke: berdin dio zure aurka frogarik aurkezten duten ala ez. Ezkerrekoa eta abertzalea bazara eta herrian lan militantea burutu izan baduzu, derrigorrezkoak izan beharko luketen froga guztiak soberan daude. Anonimotasunean ezkutatu den pertsona honek nahikoa du “terrorismoaren biktima” izateko duen aukeraz baliatzea inpunitate osoz bi pertsona kartzeleratzeko. Baina, hau posible al da? Ezin gaitezke honekin ados egon. Gogorregia da guretzat pertsona hau kalean lasai-lasai dabilela jakitea. Berea egin du, eta bi herritar zulora doaz. Zarauztarrok anonimo hau zein den jakiteko eskubidea dugula iruditzen zaigu. Horregatik, hau da gura galdera:

NOR DA ANONIMOA?

Garbi dago batzuentzat dena libre dela eta honen aurrean irakurketa bakarra egin dezakegu: ehiza zabalik dago. Bere egunerokoa gorrotoan eta mendekuan oinarritzen duen edonork eman dezake pauso hau gustuko ez duen pertsona baten aurka. Are gehiago, legedia espainiarrak horretarako tartea ematen dionean eta horretarako tresna egokia dutenean: Auzitegi Nazionala.

Euskal jendartea benetako demokrazia baterantz urratsak ematen ari den honetan, onartezina da epaitegi honek euskal herritarrak kondenatzea. Beharrezkoa da herri harresi bat eraikitzea dagoeneko luzeegia den historia beltz honi amaiera emateko.

Guk, Zaporrak eta Labik, gure ekintzarekin arazo hau lau haizetara zabaldu nahi dugu. Ez gara Madrilen aurkeztuko. Horren ordez, Zarauzko Santa Barbarako paretan zintzilikatuko gara. Badakigu hala ere, eguneroko lanak emango dituela benetako fruituak. Horregatik, animatu nahi zaituztegu lanean hasteko, bakoitzak ahal duen moduan, euskal herritar gehiago auzitegi arrotz horretan epaituak izan ez daitezen."


Ondoko bideoa, berriz, Labi eta Xaporraren atxiloketa unearena da:



Salaketa anonimoek zilegitasunik ez!
Audientzia Nazionala Stop!

aurrerantzean ere,
eskuz esku... denon artean